Vitoria-Gasteizko 4. zenbakiko instrukzio-epaitegiak auzibidea hasi zuenetik bost urte geroago, gaur ezagutu izan dugu ahozko epaiketa irekiko dela, Araban kontratuak eta esleipen publikoak ustez era irregularrean burutu ziren prozesuekin zerikusia duten delituetan 26 pertsonaren inplikazioa ikertuko duen auziaren barruan. Kasu honetan, beti bezala, EAJ-PNVren EBB-k exijitzen duena da ahozko epaiketak gertakari guztiak argitzea eta erantzukizun guztiak argi eta garbi uztea, halakorik egongo balitz. Eskari hau ez da bateraezina auziperatuta dauden pertsona guztientzat eskatzen dugun errugabetasun presuntzioa errespetatzeko exijentziarekin, Zuzenbidezko Estatu guztietan funtsezko elementua den heinean.Irmotasun berberarekin, EAJ-k auzia ez politizatzea eskatzen du, talde baten jardueran baino, pertsona partikularren ustezko jokaerarekin zerikusia duelako.
Bost urte geroago, EBB-k gogora ekarri nahi du ikerketa hau abian jarri zela jakin bezain pronto, EAJ-k arintasun,gardentasun eta irmotasun osoz jardun zuela, Arabako Foru Aldundian zegokion ardurari zegokionez, zein alderdi barruan. Orduko hartan, auzian inplikatuta zeuden EAJ-PNVko kideek beren ardura publikoak eta alderdi barruko ardurak utzi zituzten, eta beren borondatez itzuli zuten alderdikide-txartela.
Bost urte geroago, EAJ-PNV-k harrituta ikusi du auzi honi dagozkion albisteak hauteskunde aurreko jarduera bizi-bizi dagoen aldi honetan azaleratu direla. Kasu honetan, gainera, behin eta berriz, hedabideei eginiko filtrazioen bidez ezagutu izan ditugu justiziaren aldetik eman diren urratsak , eta urrats horiek bata bestearen atzetik konfirmatu zaizkigu. Inguruabar hauek denboran bat egin izanak zalantzak eta mesfidantzak sortarazten dizkigu, eta pentsarazten digu honen guztiaren helburua, egia argitzea baino, interes politikoa izango ez ote den.