EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarrak (EBB) Sorturen zuzendaritzak hedabideetako profesionalei egin nahi izan dien iruzur eta amarrua salatu nahi du, kazetarien bidez amarru hori berori euskal hiritargo osoari egin nahi izan diolarik, EAJ-PNVren izen ona zikintzeko daraman kanpainarekin segitzeko helburu bakarrarekin. Gaur eguerdian hedabideei helarazi zaien mezuan, Sortuk kazetariak eta hiritargoak engainatu nahi ditu, eta horretarako komunikazio gardenaren hiru printzipio oinarrizkoenak urratu ditu:
1) Sortuk bere salaketa aurretiaz pentsatutako anbiguotasunez aurkeztu du, kazetariek pentsa dezaten gatazkaren arrazoia dela azken hilabeteotan EAJ-PNVren eta Sorturen artean garatu izan diren elkarrizketa diskretuak, eta gauza bat utzi dute esan barik; Sortuk Ortuzarren ahoan jartzen dituen eta beren prentsa oharrean aipatzen dituen baieztapenak faltsuak,okerrak eta testuingurutik ateratakoak diren arren, ezer izatekotan ere, atzokoan 22:15ean Onda Vasca irratiko ‘Gabon’ saioan eskaini zen elkarrizketakoak izango lirateke.
2) Sortuk, bere oharrean, hizkuntza koofizial bien erabilera makur eta zikina egiten du: euskarazko bertsioan bai esaten du ika-mikaren jatorria noiz koka daitekeen («atzo»); gaztelaniazko oharrean,ordea, Sorturen prentsa ohar horrek ez du denboraren aipamen hori egiten,eta era artifizialean adierazi nahi du salaketa alderdi bien arteko elkarrizketetan esandakoagatik dela, eta ez atzo gauean oso entzuna den irrati saioan eskaini zen elkarrizketan adierazitakoagatik.
3) Kazetariak egindako galderari eman zaion erantzunean, Andoni Ortuzarrek ez ditu inola ere aipatzen, herri honek hamarkada luzeetan pairatu duen indarkeria eta terroreari amaiera emateko eta behin betiko bake bidezkoa eta elkarbizitza finkatzeko xedez, talde bien artean eman diren elkarrizketak edo bertan esandakoak. Ezin liteke errealitatetik urrunago egon, Ortuzarrek bere hitzetan esan du zail egiten dela Sorturekin hitz egitea eta «akordioak» lortzea,eta konplexutasuna areagotu egiten dela Ezker Abertzaleak azken hilabeteotan EAJ-PNV osatzen dugun pertsonen izen ona, zintzotasuna eta duintasuna zikintzeko darabilen estrategia gogortzen eta oldartzen den neurrian.
Hauxe da, hitzez-hitz, Andoni Ortuzarrek kazetariak egidako galderari eman zion erantzuna:
“Hay nerviosismo y contagio preelectoral que se extiende a todas las cosas. Yo cuento la feria según la veo yo, con las gafas y las dioptrías del PNV. Y nosotros vemos a una Izquierda Abertzale que no termina de elegir, y la Izquierda Abertzale tiene que elegir. Si quiere acuerdos con el PNV, tiene que ser más leal en la relación con el PNV en todos los ámbitos. No se puede estar por las mañanas en los juzgados denunciando, y por las tardes pidiendo acuerdos. Eso, en política, no funciona así. Hay que traer la normalidad política a este país. Hay que prescindir del regate a corto plazo. La Izquierda Abertzale está empeñada en desgastarnos en el corto plazo porque sabe que en Gipuzkoa les estamos pisando los talones, les estamos desgastando políticamente. Ellos, para defenderse, nos llevan a los juzgados y nos llevan a comisiones de investigación, pero luego apelan a nosotros. Y, hombre, nosotros nos tenemos que defender. Nosotros somos una formación política que tiene 120 años y que solo tenemos nuestra imagen de honradez y buena gestión de 120 años al servicio de este país. Todo aquel que se quiera meter con esa imagen y con nosotros, va a encontrar respuesta, lógicamente”.
Beraz, guztiz faltsua da, Andoni Ortuzarrek edo EAJ-PNVk, inola ere, inongo testuingurutan, bake eta bizikidetza lortzeko balizko akordioren bat, Sortuk eta EH Bilduk azken hilabeteotan EAJ-PNVren izen ona zikintzeko daramaten kanpainaren amaieraren baldintzapean eskaini duelako baieztapena.
Sorturen manipulazio honek agerian uzten du urduri eta benetan kezkatuta dagoela, atzokoan Gernikan ezagutu zena moduko errealitateak ematen hasiak direla ikusita. Hori ere bada EH Bilduren baitan hauteskunde zerrendak osatzeko orduan dituen arazo eta barne tentsioen erakusgarria, Sortuk berak berarekin dauden talde politikoei bere irizpide propioak inposatu nahi dizkiolako. Edozein kasutan, barne krisi bat, hauteskunde aurreko urduritasuna, norberekeria edo interes partikularra, ezin dira hiritarrak engainatzeko argudio edo aitzaki izan, ezta komunikabideak manipulatzeko edo bakea edo bizikidetza bezalako gai delikatuarekin salerosketan aritzeko ere. Euskal hiritarrok urteak daramatzagu bakea eta bizikidetza eskatzen, Ezker Abertzaleak deiadar horren aurrean entzungorrarena egiten duen arren.