Atzoko huelgarako deia ezker abertzaleak egin zuela esatea, jakinaren gainean egonik Aralar, EA, Batzarre, AB, Zutik edo ELAk berak (eta guzti horiek jotzen dute, neurri ezberdinean, euren burua ezkertiartzat eta abertzaletzat) ez zutela bat egiten deialdiarekin, jarrera jakin bat hartzea da espazio ideologiko horrekiko. Hau da, ez bazaio zeozelango kalifikaziorik jartzen Ezker Abertzaleari, horrek adierazten duena da eurak baino ez direla espazio horren jabe. Eta hori gehiegikeria da. Nafarroan adibidez, ezker abertzale hori gutxiengoa da, nahiz
Maiorga Ramirezek besterik esan; eta bestea (ofiaziala-edo), gehiengoa. Berdin esango nuke Iparraldean. Nik uste Berriak hausnartu egin behar duela horretan.
Espainiaren erabilpenaz ondo deritzot. Baina beti egin behar da horrela. Ez digu balio esatea herenegun ETAk lehergailua zartarazi zuela Santoñan, atzo beste bat Espainian eta gaur Euskal Herriaren mugan, bai bata zein bestea Kantabrian direnean. Horretan zehatz jokatu beharko litzateke. Frantziako Bordele edo Tolosa entzutea bezain normala egin beharko litzaiguke Espainiako Logroño edo Santander entzutea, baina irizpide jakin bat beti erabiliz, eta ez atzokoa bezalako egun batean, giroak hala eskatzen duelako-edo, interpretaziorik hertsiena emanaz.
Gaurko alean bertan honela dio titular batek “Mobilizazioen erantzuna handia izan da”, denok dakigunean, Berriakoek ere bai, porrota izan dela. Interpretazio kontua bakarrik? Zuek itxitakotzat ematen dituzuen Alde Zaharrek pikete informatibo horien eraginez itxi behar izan zituzten, halabeharrez. Berriak, berez, ez du editorial jakinik; hortaz, informazio emaileen gain jarri beharko dugu erantzukizuna.
Atzoko huelgak milaka pertsona kalera atera zituela diozue; ez, ordea, huelga ekitaldia izan zenik, alegia, fabrika, ikastetxe, denda, bulego eta gainerakoak ixtea lortu zuenik, ez baitzen horretara iritsi, inondik inora ere.
Eta jakina, ezin utzi Ertzaina ukitu gabe: «Ertzaintzak, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak gertatu jarraitu (…), eta zenbaitetan gogor oldartu dira”. Nik uste nuen ba, horrekin batera emango zenutela zuek informatibotzat eta guk bortxatzailetzat jotzen ditugun pikete horien berri zehatzagoa. Baina ez, tronpatu egin naiz. Atzoko piketeak informatiboak baino ez ziren izan, hurrean. Eta hori gezurra da.
Berriak argi izan beharko luke berak ezker abertzale bakar legetxe duen giza-multzo horrek gehienbat Gara erosten duela, ez Berria; eta egunkari honen erosleak beste ezker abertzale batzuetan (zuentzat nonatoak-edo) egon daitezkeela. Eta ezker abertzalekoak ez diren pertsona batzuengan. Nigan, adibidez. Ez dut aldatzeko asmorik, baina nirea sentitzen dudan zerbaiti kritika egitea zilegi bekit.